XVI. mendean, Gerardus Mercator kartografo flandriarrak munduaren ikuspegia aldatu zuen bere mapen bidez. Harentzat, mapak historiaren begiak ziren.
Kartografiak eta haren bilakaerak gizakiak bere inguruko mundua ulertzeko eta ulertarazteko, nahia erakusten digu. Mapek behar hori azaltzen lagundu dute. Mapak, historiaren begiak.
Lehenengo zibilizazioek hondarrean egindako zirriborroetatik gaur egungo 3D mapetara, kartografiaren historiak aukera ematen digu gizakiak mendeetan zehar munduaren ikuspegia nola bereganatu, handitu eta aldatu duen ulertzeko. LDHn eskuragarri dauden atlasetako batzuek lerro historiko hau irudikatzea ahalbidetuko digute. Babiloniako munduko mapa XIX.
mendearen amaieran aurkitu zuten, eta orain arte ezagutzen den mapa zaharrena da. British Museum-ean dago ikusgai, eta "munduko lehenengo mapatzat" hartzen da. Idazkera kuneiformean adierazita dago, eta 2500 urte ditu.
Mapa Babiloniako kosmologiaren diagrama da. Taulan irudikatzen den munduaren erdigunea Babilonia da, zibilizazioaren sorlekua. Anaximandroren mapa galdua, historia kartografikoko lehen munduko mapa izateaz gain, arrazionaltasun zientifikoari egindako lehen ekarpen geografikoa da, adituen arabera.
Herodoto historialari greziar ospetsuak eginiko deskribapenari esker dakigu mapa nolakoa zen, ez baita haren alerik gorde. Mundu ezagunarekiko proportzionaltasuna ezartzen saiatu zen lehena da, eta aurreko maparen antzekoa da, bietan mundua forma biribilarekin irudikatu baita. Babilonia erdigunea izateari uzten dio.
Mediterraneo itsasoa, Grezia eta Israelgo antzinako erresuma nabarmentzen dira. K. a.
II. mendean, meridiano-sistema bidezko munduko lehenengo mapa egin zen. Erastosthenes Zirenekoak Lurra hainbat sailetan banatu zituen, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera.
Ptolomeoren mapek eragin handia izan zuten geroko kartografian. Haren mapek latitudean eta luzeran oinarritutako sistema darabilte. Berak idatzitako Geographia eskuizkribuaren aurkikuntzari esker, mapa berreraiki zuten, eta gaur egun LDHn digitalizatuta dago.
Greziarra mundua modu sistematizatu batean irudikatu zuen lehen kartografoa izan zen. Erdi Arora arte itxaron behar izan genuen elementu geografikoak irudikatuta ikusteko. Kitab Ruyar edo Rogerioren liburua deritzonean, Al-Idrisi geografoa itsasoak eta mendiak irudikatzen hasi zen.
Bere lana BNEn aurki daiteke. Nabarmentzekoa da ere beste dokumentu bat: Hereforden mapa, zama ideologiko eta erlijioso handikoa, zeinetan Jerusalem hiria azaltzen den erdigunean. Goialdean, pantokrator bat ageri da munduaren eta Lurreko paradisuaren jaun eta jabe.
Izaki fantastikoen eta elementu klasikoen irudiak ere ikus ditzakegu. Mapa Hereford herriko katedralean gordetzen da, Ingalaterrako mendebaldean. Erdi Aroan Jerusalemgo hiri santuaren garrantzia oso handia da.
Hala erakusten dute LDHko dokumentu ugarik; esate baterako, Beato Liebanakoaren munduko mapak. Amerika 1500. urteko mapa batean irudikatua izan zen lehen aldiz zalantzarik gabe.
Dokumentua Cadizen egin zen. Mapa Madrilgo Itsasontzi Museoan gordetzen dute, eta LDHko hainbat dokumentutan eskuragarri dago. Hartan, Eurasia eta Amerika Ozeano Bareak bereizita agertzen da.
Era berean, Hego Amerika eta Ipar Amerika bi kontinente autonomo gisa irudikatzen dira. Mapa Juan de la Cosak egin zuen, Errege Katolikoei itsasoaz bestaldeko aurkikuntza berriak erakusteko. XVI.
mendearen hasieran, Diego Riberok egin zuen lehenengo mapa zientifikotzat jotzen dena. Hartan, oso nabarmena da Elcanok eta Magallanesek munduaren inguruan egindako bidaiaren eragina. LDHn bidaia horiei buruzko dokumentazio zabala eta zehatza kontsulta daiteke.
Baina mundu mapa arrakastatsuena Gerardus Mercatorrena izan zen. 1569an argitaratu zen dokumentua, eta sekulako iraultza eragin zuen XVI. mendetik aurrerako nabigazioan.
Ikerketa kartografikoari egin zion ekarpen handia BNEn eta LDHn eskuragarri dagoen atlas flandriarren bilduma garrantzitsuan. Mende berean, lehen atlasa argitaratu zen, Theatrum Orbis Terrarum, Abraham Orteliusek idatzia. Atlas garrantzitsu hau ere LDHn eskuragarri dago.
XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, munduaren irudia finkatzen joan zen, XX.
mendera arte guztiz osatu ez zen arren. J. Cookek eta Malaspinak, besteak beste, munduaren irudia sortzeko eta ulertzeko ikerketetan aurrera egin zuten.
Aipatzekoa da Tomás López kartografo espainiarra. Haren lana LDHn digitalizatuta dago, eta paradigma aldaketa horren adibide ona da. XIX.
mendearen erdialdean, James Gallek kontinente guztiak proportzionalki irudikatzen zituen mapa argitaratu zuen eta, geroago, Arno Petersek ezagun egin zuen. Mapak munduaren oso irudi desberdina zabaldu zuen. Petersen proiekzioak munduaren ikuspegi eurozentrikotik ihes egiten saiatzen da, herrialdeen benetako azalera islatuz, formak eta distantziak aldatu bazituen ere.
Gaur egun, Lurra hiru dimentsiotan ikus dezakegu Google Earth eta antzeko tresnen bidez. Tresna horiek Lurreko mapak eskaintzen dizkigute, hiru dimentsiotako lur-globoari ateratako satelite bidezko irudien, aireko argazkien eta Informazio Geografikoko sistemen arteko konbinazioaren emaitza gisa. Berrikuntza horiek guztiak XVI.
mendeko Mercatorren proiekzioan oinarrituta daude. Beraz, hau da galdera: zein izango da hurrengo inflexio-puntua?